ENERGIA USTE BAINO ESKURAGARRIAGO
Honezkero, denon buruetan dago erregai fosilen erreserbak gero eta urriagoak direla, eta energia-iturri horiek erabiltzeagatik izugarrizko ingurumen-arazoak sortzen ari direla. Bada, hainbat ikertzaile energia lortzeko metodo berriak ari dira bilatzen. Oso ezagunak dira, adibidez, haizearen edo eguzkiaren energiari probetxua ateratzeko garatu dituzten tresnak; baina seguruenik bereziagoak izango direla hurrengo lerroetan azalduko ditugunak.
ZU ERE ENERGIA-ITURRI BERRIZTAGARRI
Orain arte energia iturri asko ezagutu ditugu: nuklearra, termikoa, eolikoa... baina orain, berriz, bestelako bide batzuk garatu nahi dituzte, hala nola: euri-tantek erortzean duten energia elektrizitate bihurtzea, edo tresna bibrakorren energia atzitzea. Dirudienez, ahalegin handia egiten ari dira energia-iturri guztiak baliagarri bilakatzeko. Joule guzti-guztiei atera nahi diete probetxua; zertarako alferrik galdu?
Hala, azkenaldian joera berri bat sortu da: giza gorputza energia-iturri bihurtzea. Ideia horretan oinarritzen diren bi ikerketaren berri izan dugu, baina batek daki zer ideia korapilatsu darabilten buruan ikertzaileek!
Michigango Unibertsitateko ikertzaile batzuk tresna berezi bat ari dira garatzen, oinez goazenean belaunetik xahutzen dugun energia elektrizitate bihurtzeko. Ibiltzean, pauso bakoitzean belaunak aurrera egiten duenean, abiadura hartzen du. Oinak lurra ukitzen duenean, ordea, belauna balaztatu egiten da oinaren gaineko posizio berrian. Gailuak balaztatzean sortzen den energia jasotzen du, belaunean atxikita dagoelako. Normalean, energia hori galdu egiten da.
Pentsatzen jarrita, aipatutako hori ez da ideia berri bat; aspaldi ezagutzen dugu antzeko mekanismoan oinarritzen den gailu bat: bizikleta batzuen argiztapena. Ez al dute aurrealdean bonbilla bat, eta horri energia emateko dinamo bat? Funtzionamendua berdina da: bizikletaren higiduraz baliatzen da dinamoa elektrizitatea sortu eta bonbilla energiaz hornitzeko. Horretarako, gurpilaren kontra dinamoaren pieza bat jartzen da, gurpilarekin batera bira dezan.
Baten batek gogoan izango du zer erresistentzia eragiten dion gurpilari pieza horrek batzuetan, eta ahalegin handiagoa egin behar dela bizikleta dinamo eta guzti mugitzeko! Bada, Michigango ikertzaileek garatu duten tresnak ere traba egiten dio ibiltariari besteak beste, 1,6 kiloko pisua du, eta indar gehigarri bat egin behar du gailua jantzita ibiltzeko. Hurrengo linkean ikus dezakegu tramankulu honek nola funtzionatzen duen
Gorputzean beharrean, arropan.
Energia sortzeko gizakiaz baliatzen den bigarren tresna ez dago zuzenean lotuta gorputzarekin, soinean janzten ditugun arropekin baizik. Hain zuzen, nanozuntz piezoelektrikoz egindako hari bat fabrikatu dute Georgiako Teknologia Institutuan; hau da, tentsio mekaniko baten ondorioz, (bata bestearen kontra igurtziz, adibidez) elektrizitatea sortzen duten zuntz txiki-txikiak.
Nanozuntz horien bidez ehungintzan erabili ohi diren zuntzak estalita, jantziak egiteko aproposak diren hariak egin dituzte. Alkandora edo jertse bat ehuntzeko hari horiek erabilita, mugimenduarekin elektrizitatea sortzen duen arropa lortu nahi dute zientzialariek.
Egia esan, bai batean eta bai bestean, oso elektrizitate gutxi sortzen da, batetik, belaunek energia gutxi xahutzen dutelako ibiltzean, eta, bestetik, sortu dituzten hari berezi horiek elektrizitate gutxi sortzen dutelako.
Hala ere, horrelakoak elektrizitate gehiegi behar ez duten tresnak elikatzeko erabiliko dira, hala nola telefono mugikorrak, GPSak edo mp3 irakurgailuak. Beraz, ikertzaileek uste dute azkar samar lortuko dutela soinean eramateko modukoak izatea esku artean dituzten prototipoak.
ZENTRAL NUKLEAR BAT ETXE AZPIAN
Hyperion Estatu Batuetako Los Alamos laborategiak sortutako enpresa da. Laborategi hori ospetsua da fisika, kimika, ingeniaritza eta beste arlo batzuetan egiten dituen ikerketengatik, eta, batez ere, han egin zutelako lehen bonba atomikoa.
Orain Hyperionek merkaturatu nahi duen erreaktore nuklearra instalazio militarretan ere erabil daiteke. Baina merkatu hori mugatua da, eta beste era bateko instalazioetarako ere aproposa dela esaten dute, besteak beste, ospitale eta unibertsitate-kampusetarako. Hala, Hyperionekoen esanean, segurtasuna, fidagarritasuna edo ekonomia tarteko, tokiko energia-horniduratik independente izan nahi duen edozeinentzat da egokia.
Horrez gain, soluzio ona omen da energia ekoizten den tokietatik urruti dauden enpresentzat edo herrientzat, adibidez, meatzeentzat, edo basamortuko herrientzat. Azken adibide irudian ikus dezakegu. Afrikako herrixka batean, lurrazpiko ura edangarri bihurtzeko instalazio bat ageri da, mini-zentral baten energiaz funtzionatzen.
Hyperionekoen arabera, ekoizten dituzten erreaktoreak garbiak dira, seguruak eta fidagarriak, eta arrazoizko prezioa dute. Garbiak dira, ez dutelako karbono dioxidorik isurtzen atmosferara; seguruak, sistema kontrolatuena delako; fidagarriak, eguneko 24 ordutaneta asteko zazpi egunetan funtzionatzen dutelako, eguna haizetsua edo lasaia, eguzkitsua edo euritsua izanda ere; eta merkea da, bai dolarretan neurtuta bai ingurumenean duen eraginari begiratuta.
Erreaktore bakoitzak hozkailu baten neurria du, eta 20.000 etxe hornitzeko adina energia sortzen du. Hogei milioi euro balioko duela kalkulatzen dute; beraz, etxe bakoitzari 1.000 euro kostatuko litzaioke. Trenez, kamioez edo itsasontziz garraia daiteke, eta lur azpian instalatzen da. Bost urte irauten du erregaiak, eta, denbora hori igarotakoan, Hyperionera bidali behar da, erregaia alda dezaten. Bitartean, bere kabuz funtzionatzen du, beste ezeren beharrik gabe.
Erregaia uranio hibridoa da, hau da, hidrogeno asko absorbatu duen uranio aberastua. Uranio-nukleoa fisioz desintegratzen den neurrian, neutroiak igortzen ditu; hidrogenoak, berriz, moderatzaile-lana egiten du, hau da, neutroien abiadura moteltzen du, eta moteldutako neutroiek beste uranio-nukleo batzuk zatitzen dituzte. Hala, erreakzio-katea ez da eteten, eta erreakzio-kate horretan sortutako beroa erabiltzen da, hain juxtu, instalazioak energiaz hornitzeko.
Bero gehiegi sortuko balitz, sistemak berak geldituko luke erreakzio-katea, eta, hartara, ez litzateke arazorik egongo. Hondakin erradioaktiboak ere kontrolpean daude, erreaktorea erabat itxia baita. Hortaz, aldatzera eramandakoan, han behar bezala gordeko litzateke, erradioaktiboa izatea utzi arte.
Hyperionek prest du hori guztia. Orain merkatua aztertzen eta bezeroak bilatzen ari dira. Diotenez, Europa Ekialdeko talde batek sei ale erosteko asmoa du, eta litekeena da Txekiar Errepublikako TES ingeniaritza-konpainiak 44 erostea. Edonola ere, lehenengoa ez dute 2013. urtea baino lehenago saltzea espero.
Horretarako, ordea, oztopo bat baino gehiago gainditu beharko dute seguruenik. Izan ere, litekeena da mini-zentralen teknologia erabat garatuta izatea, baina oso litekeena da, halaber, jendeak errezeloz hartzea.
0 comentarios:
Publicar un comentario
Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]
<< Inicio